2018/05/24

Artearen Historia: Grezia

Greziar arteak, zalantzarik gabe, eragin nabarmena izan du geroztik sortutako hainbat kulturatako artegintzetan. Eragin hori, Antzinatean jada, oso nabarmen sumatzen da greziar artearen ondorengo izan zen erromatarrean; geroago, batez ere Errenazimentutik aurrera, mundu klasikoko lorpenek Mendebaldeko zibilizazioko artegintzaren hainbat esparrutan ukaezinezko isla izango dute. Kristo aurreko lehen milurtekoan sorkuntza artistikoaren gunea Ekialde Hurbiletik mediterranear ekialdera lekualdatzen da. Hango baldintza aproposek (Egipton eta Mesopotamian ez zeudenak) ahalbidetu zuten zibilizazio klasikoaren sorrera eta garapena. Gizakia bere balioez jabetu zen, eta, bide batez, ohartu Naturaren funtsezko elementua zela. Mediterranear ekialdean garatu zen kultura antropozentrikotzat jotzen da; izan ere, haientzat gizakia zen gauza guztien neurria. Mitologian, lehenagoko jainko zaharren panteoia (Naturaren indarren agerpenak), giza itxura eta giza portaera zuten jainko berriez ordezkatu zen. Gizarteak ere aldakuntza sakonak ezagutu zituen: gizaki libreek (hiritarrak) osaturiko komunitateak sortu ziren; eta komunitate haietako hiritar libreek bizitzari eta bakoitzaren patuari aurre egiteko arrazonamendua eta plazera (Apolo eta Dionisos, banaezinak beti) izan zituzten bidelagun. Arestian aipaturiko guztia arte-alorrean ere islatu zen; sorkuntzan askatasun handia zegoen, arazo teknikoei irtenbide egokienak aurkitzeko abileziak sustatu zituzten eta hainbat baliabide tekniko garatu zituzten. Aurreko zibilizazioko gizakiek uste zuten Natura loturarik gabeko fenomenoen multzoa zela. Zibilizazio klasikoan zehar, ordea, iritsiko ziren jakitera Natura funtzionamendu-legeek gobernaturiko unitate bat zela, eta lege haiek ezagut zitezkeela. Arrazonamendua, behaketa eta eskarmentua izan ziren errealitatearen funtzionamendua ezagutzeko tresnak. Pitagorasek (K.a. VI. mendea) uste izan zuen zenbakian zegoela kosmosaren funtzionamendua arautzen zuen giltza. Aritmetika misteriotsu horren atzean gorderiko harmonia eta proportzioa izan ziren edertasun klasikoaren oinarriak. Horrela, zehaztasun handiz erabiliko zituzten kanonak eta ordenak sortu zituzten, zeinek artegintza klasikoaren funtsa osatu baitzuten. Haien arabera egindako artelan baten handitasuna eta loria neurri fisikoan baino gehiago edertasunean zetzan. Nahiz eta etendura gardenik ez izan, greziar artea, tradizionalki, hiru garaitan banatzen da: Arkaikoan, Klasikoan eta Helenistikoan. Arkaikoa X. mendean hasi eta VI. mendearen bukaera arte luzatu zen; Klasikoa V. mendearen hasieratik Alexandro Handiaren etorrera arte (K.a. 336-323); eta Helenistikoa Alexandroren heriotzatik erromatarren konkistak erreinu helenistikoak desegin zituen arte. Garai Arkaikoan, VIII. mendetik aurrera gertatu zen ekonomiaren hobekuntzak eragina izan zuen artegintzan. Eragin hura, batez ere, irtenbide artistiko berrien aurkikuntzan gauzatu zen. Arkitekturaren alorrean, gorpuztuz joan ziren lehendabiziko ordena arkitektonikoak (doriarra eta joniarra). Eta eskultura lantzerakoan, jada, gizakiaren irudian kontzentratu ziren; hartara, ekialdeko giza ereduetatik urrundu, eta lehen pausoak eman zituzten naturalismorantz. Garai Klasikoan, polisak, alde batetik, bere unerik distiratsuena ezagutu zuen, baina beste aldetik, bukaera aldera, haren ahulezia agerian geratu zen. Polis haietan eratutako demokrazian, hiritarra gertaera politikoen protagonista eta parte-hartzaile sentitu zen. Artegintzan, protagonismo hura askatasun bilakatu zen: artistek aspaldiko eredu zurrunak baztertu, eta edertasun idealaren aurkikuntzari ekin zioten. Edertasun idealaren helburua lortzeko, akatsik gabeko teknika garatu zuten, zeina artegintzako hainbat alorretan gauzatu baitzen. Greziar artistak gai izan ziren, perspektiba egokia erabilita, espazioaren errepresentazioa modu sinesgarrian adierazteko. Mediarren aurkako gerraren ondoren, Atenasko Akropolian egindako berrikuntzetan, gai izan ziren ideal artistiko haiek guztiak gauzatzeko. Akropolian jasotako eraikinak, gerora, klasizismoaren arketipotzat jo izan dira.



Garai Helenistikoan, greziar kulturak eraldaketa sakonak izan zituen, Alexandro Handiaren etorrerak (K.a. 336-323) polisetako hiritar bizitza suntsitu zuen eta; handik aurrera, hiritarra, lehen zuen balio politikoa galdu, eta botere autoritarioaren menpeko bihurtu zen. Filosofiaalorrean ere eragin zuen: naturaren inguruko hausnarketak baztertu, eta giza kondizioan oinarritutako gogoetei ekin zieten; absolutuarekiko konfiantza galdu ondoren, norbanakoa bere barnera begiratzen hasi zen, eta bere bizitza propioa hausnartu eta gero, ohartu zen pentsamendu ordenatutik ihes egiten zuen zerbait bazegoela: pathosa. Horrela, barne-sentipenak eta pasioakazaleratzen ikasi zuten artegintzan. Garai hartan, eskulturagintzan, esaterako, gehiago baloratzen zuten intentsitatea eta kemena, oreka eta baretasuna baino; definizio falta, eklektizismoa eta ekialdetik etortzen hasia zen mistizismoa dira garai hartako kultura definitzeko ezaugarri batzuk.








Apoxiomenos (Garai Klasikoa; Lisipo, K.a. 325)
Atleta gaztearen irudia aurkezten zaigu. Gaztea palestran lehiatu ostean, olioz igurtzitako gorputzean erantsitako hautsa ari da garbitzen estrigiloa erabiliz. Ez da aurreko garaietan agertzen zitzaigun irabazle jainkotua. Oraingoan, anekdotak eta egunerokotasunak markatzen dute eszena: naturalismoak irudiaren arlo guztiak bereganatzen ditu. Jatorrizkoa brontzezkoa bazen ere (Lisipo brontzegile bikaina zen), iruzkingai dugun erromatar kopia marmolezkoa da (Vatikanoko Pio-Clementino Museoan), eta giza neurri arrunta
gainditzen du (205 cm).

Lisiporen ekarpen garrantzitsu bat kanon berri bat erabiltzea izan zen, eta horrela eginik, gorputzaren zatien arteko harreman proportzionatu eta harmoniatsua lortu nahi zuen. Aurreko garaiko 1/7 alboratu eta 1/8 erabili zuen, hau da, buruak gorputzaren zortzirena osatzen zuen bere eskulturetan. Horren ondorioz, irudiak estilizatzen eta luzatzen dira, eta buruek aurreko garaietakoek baino txikiagoak dirudite. Anatomiaren trataerak ez zion arazorik sortu. Aurretik aurkitu eta asmatutako irtenbideez
baliatu zen, baina egiteko era propioa erantsi zion. Mugimendu-sentsazioa eransteko, burua zertxobait okertuta irudikatu zuen. Adierazkortasun gutxiko aurpegi ederreko begiek infiniturantz begiratzen dute. Horizontalki, aurrerantz luzatuta dituen besoek eskulturaren barne espazioa zabaltzen dute; horrela, ikuslea alde batera joatera behartzen du, ikusi nahi baldin badu zer egiten ari den atleta bere eskuekin. Mugimendu adierazpenarekin antzera gertatzen da. Lehenago asmatutako irtenbideaz, contrappostoaz, baliatu zen: gorputz-enborraren alde uzkurtua (ezkerrekoa) eta hedatua (eskuinekoa) erraz ikusten dira. Hanken ezarrera bat dator contrappostoaren erabilera zuzenarekin. Lisipo (K.a. 360-305), langile bikaina, Alexandro Handiaren zerbitzupean ere aritu zen (Plinio Zaharrak zioen 1500 artelan baino gehiago egin zituela). Enperadorearen hainbat buruerretratu iritsi zaizkigu, baina ziurtasun osoz ezin dugu jakin horietatik zein den Lisiporena.
Badirudi buru horietako batzuek (kiribiloz betetako ilaje desordenatua izan ohi dute) Lisipo izan zutela egile. Bestelako gaiak ere landu zituen bere karrera emankorrean, eta horietariko bat hainbat posetan irudikatutako Herkules izan zen.
Lisiporen beste ekarpen garrantzitsua irudiak hiru dimentsiotan azaltzeko ahalegina izan zen. Horrela eginiko irudiek ikuslea mugiarazi egiten dute alde batetik bestera, estatua ikuspuntu desberdinetatik ikus ahal izateko. Aurreko garaiko artistek eginiko eskulturetan alboko ikuspegiek ere laguntzen zuten informazio osoa jasotzen; baina hemendik aurrera espazio eskultorikoa asko zabaltzen denez, behartu zuten ikuslea alde batetik bestera mugitzera.
Lisipo Fidiasen idealizazio ospetsuaz, Praxitelesen sentsualtasunaz eta Eskopasen tragikotasunaz kutsatuta zegoen, eta, beraz, benetako artista eklektikoa dugu. Garai Klasikoko azkena izango zenak arte grekoaren beste etapa bat idatzi zuen. Goreneraino eramandako naturalismoa, erretratugintzan emandako urratsak eta eskulturak hiru dimentsiotan aurkezteko era dira, besteak beste, Lisipok eskulturagintzari eginiko ekarpen garrantzitsuenak. Ondorengo urteetan sortutako artistek jorratu zuten berak zabaldutako bidea, haren ekarpenez baliatuz eta
sakonduz.
Laokoonte eta bere semeak (Garai Helenistikoa; K.a. I. mendea?)

Garai Klasikoaren bukaera oso gatazkatsua izan zen. Iruzurra egiteagatik, Atenasek Deloseko Ligaren konfiantza galdu zuen, eta  babes eta laguntzarik gabe geratu zen.Urte odoltsuen ostean, Alexandro Handiarekin erregimen politiko berria ezarri zenean, polis delakoetan oinarrituriko eredu politikoa (zentzu zabalenean) ezabatu zen: hiri-estatuek (polisek) zuten maila guztietako independentzia galdu zuten, hurbileko politikarien eginbeharra desagertu zen, eta azken finean, hiritarrak babesik gabe eta noraezean geratu ziren.
Garai Helenistikoan garatutako artegintzan islatu zen garai berriaren etorrera. Ibilbide luzea egin eta gero, Garai Klasikoko artegintzak aldaketak ezagutu zituen: eredu klasikoak eta haiek egiteko moldeak alboratu zituzten. Erabat murritzak ziren gaiak (jainko-jainkosak, heroiak, garaileak) izugarri zabaldu ziren, eta eredu edo tipo orokorrak irudikatu beharrean, gai partikularrak emango zituzten aditzera: giza irudia bizitzako adin desberdinetan irudikatu zuten (haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa); pertsonaia publikoen erretratuak egiteko joera agertu zen, eta barne-sentipenak (poza, egonezina, tristura, oinazea…) agertzeko grinak irudien adierazkortasuna areagotu zuen. Arestian aipaturiko aldaketak gauzatzeko, teknikak ere aldatu zituzten: konposizioak (taldeak irudikatzeko, konposizio piramidalak eta teatro-jitea hartzen zutenak ohiko bihurtu ziren), eta kanonaren erabilera bera, zeina askoz libreago bilakatu baitzen.
Garai hartako adibide bikaina da iruzkingai duguna; izan ere, arte helenistikoak eman digun multzo eskultorikorik garrantzitsuena baita.
Gaia honakoa da: Laokoontek (Troiako apaiza), Troia hiriaren suntsipena ekidin nahian, akeoen engainuaren berri eman zien hiria defendatzen zuten troiar tropei (zaldiaren gertaera); hau da Patuaren aurka egiten du. Hori dela eta, Poseidonek Laokoonte zigortzea erabaki zuen, eta horretarako, itsasoko bi suge bidali bera eta bi semeak hil zitzaten.
Jatorrizkoa (K.a. III. mendearen bukaera eta IIaren hasiera bitartekoa), brontzezkoa zena, galdu egin zen. Iritsi zaiguna marmolezkoa da, eta Rodas uharteko Hagesandrori eta haren seme Polidorori eta Atenodorori zor zaie ziurrenik. Plinio Zaharrak, bere Naturalis Historian, 36. alean, esaten diguna eta artistak bizi izan ziren garaia kontuan hartzen badugu, K. a I. mendearen bigarren zatian egina dirudi. Ez dakigu Rodasen egin zena nola iritsi zen Erromara.
Greziako arte-ekoizpenak, bezeria nahikoa zuen Erroman ez ezik, erromatar munduko beste hirietan ere, ekoizten zutena merkaturatzeko. Kontuan izan, gainera, Rodas K.a. 297tik Erromaren menpe zegoela; beraz, uhartearen eta hiriaren arteko merkataritza-harremanak ohikoak izango ziren. Jada, Plinio Zaharrak eskultura Erroman ikusi zuen Tito enperadorearen (K.o. 79-81) jauregian, eta goian aipaturiko egileen izenak aipatu zituen; idazle erromatarrak gaineratu zuen marmolezko bloke bakarra erabili zela (242 cm-ko altuera du), aipatutako talde eskultorikoa egiteko, eta eskulturari buruz ere eskaini zigun bere balorazioa: eskultura- eta pintura-arloetan eginiko guztien aurretik jarri behar zela «opus omnibus et picturae et statuariae artis praeferendum». 
Konposizioaren aldetik, hilzorian dauden aita eta semeen gorputz bihurrituek Garai Klasikoko oreka eta lasaitasuna hausten dute. Aita irudikatzeko kontrasteaz baliatu ziren: alde batetik, gaztearen gorputza du, eta bestetik zaharraren burua. Laokoontek, gorputz osoko giharren bitartez, jasangaitza den oinazea, pathosa, adierazten du. Sufrimendu itzela islatzen du aitaren aurpegiak: berak jasaten duenaz gainera, semeek merezi ez duten zigor ankerrak ere aitaren oinazea areagotzen du. Semeen gorputz eta aurpegiek ez dute aitaren adierazkortasun maila bikainik. Badirudi sufrimendu guztia aitarengan bildu dela. Horretarako, konposizio piramidala hautatu zen, eta horrela, gertaerari teatro-jitea erantsi
zitzaion. Zalantzarik gabe, esanahi osatuena jasotzen da aurretik behatuz, baina beste aldeetatik jaso dezakegun informazioa ez da gutxiesteko modukoa; izan ere, pertsonaia bakoitzaren zein multzo osoaren estereometria agerikoa da. 

Garai Klasikoko mugimendu orekatua desagertu da (borroketan ere agertzen zena); hemen,contrappostoa era bortitzean (ikus aitaren gorputza) erabili zen mugimenduaren adierazpena gailurreraino eramateko. Erraz pentsa daiteke Pergamoko Zeusen Aldareko erliebeek zerikusirik izan zutela aztergai dugun honetan: Gearen semea zen Alzioneok oso antzeko jarrera eta pathosaurpegia erakusten du.
Azterturiko eskultura 1506. urtean aurkitu zuten Tito enperadorearen jauregiko termetan. Sangallo eta Migel Anjel Buonarroti eskultoreek ikusi zuten lurpetik ateratzen. Haien gomendioei jarraitu zien Julio II. aita santuak, eta harrezkero Vatikanon dago. Egun Vatikano Museoan dagoenak eragin handia izan zuen garai hartako eta ondorengo artistengan. Greko pintoreak esaterako, aipaturiko gaia erabili zuen Laokoonteri buruzko bere ikuspegia emateko, Toledo
hiria atzean zuela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario