2014/04/07

20 urte Ruandako genozidioa gertatu zela


Nazio Batuen Erakundearen arabera, munduan inoiz jazo den genozidiorik handiena izan zen Ruandakoa. 1994ko apirilaren 6an hasi zen, Juvenal Habyarimana presidentea hil eta ordu gutxira. Kigaliko aireportura iristear zela, bi misilek presidentearen hegazkina jo eta hil egin zuten.
Habyarimana 1973an heldu zen agintera, estatu kolpe bat jota. Hutu etniakoa zen (Ruandako etnia garrantzitsuena) presidentea, eta hutuek Ruandako Fronte Abertzaleko kide ziren tutsuei egotzi zieten hilketa.
Hutu eta tutsi etnien arteko ezinikusia aspaldikoa zen. Nekazaritza zen Ruandako ekonomiaren oinarri, eta gizarte sistemaren barruan, tutsiak jauntxo feudalen parekoak ziren XVI. mendetik; hutuak, berriz, haien morroi.
Tentsio giro horretan, beraz, Habyarimanaren heriotzaren berri jaso zutenean, hutuek tutsien aurka jo zuten, eta gizonezkoak, emakumezkoak, haurrak zein edadetuak hiltzen hasi ziren. Nazio Batuen arabera, milioi erdi emakume bortxatu zituzten. Sarraskiak apiriletik uztailaren hasierara arte iraun zuen.
Egoera jasanezin horretan, tutsiak Ruandako Fronte Abertzalean bildu ziren Paul Kagameren gidaritzapean, Kigali hiriburua hartu zuten 1994ko uztailean, eta euren gobernua ezarri zuten. Jasandako guztiaren ordainetan, genozida hutuak jazartzen eta hiltzen hasi ziren. Ruandak zortzi milioi bizilagun zituen, eta sarraski hartan, fosa komun erraldoi bat bihurtu zen herrialde osoa.
Milioi eta erdi ruandarrek, batez ere hutuek, Kongoko Errepublika Demokratikora (Zaire izena zuen garai hartan), Tanzaniara eta Burundira alde egin zuten. Zaireko Goma eta Bukavu hiriek 1,2 milioi errefuxiatu hartu zituzten 48 ordutan.  Bizi-baldintzak negargarriak ziren, eta horren guztiak kolera, meningitisa eta beste hainbat gaixotasun ekarri zituen.
Fronte Abertzalearen gobernuak Kigali eta ia herrialde osoa hartu zuen, herrialdera itzultzeko eskatu zien errefuxiatuei, eta aldi berean nazioarteari auzitegi bat eratzeko eskatu zion, hutuak epaitzeko.
1994ko uztailean, Ruandako Fronte Abertzaleak, herrialde osoa kontrolpean hartuta, batasun nazionaleko gobernu bat eratu zuen. Fronte Abertzaleko burua, Paul Kagame tutsia, presidenteorde hautatu zuten, presidenterako Bizimungu aukeratu zuten, hutuak ere gobernuan ordezkatuta egon zitezen.
1994ko azaroaren 8an, NBEko Segurtasun Kontseiluak genozidioa ikertzeko ardura zeukan Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren estatutua onartu zuen. 1998ko irailaren 2an, auzitegi horrek genozidio delituaren errudun jo zuen Jean Paul Akayesu alkate ohia.
Bestalde, Ruandako Gobernuak Auzitegi Gorena eratu zuen, atxilotuta zeuden 55.000 pertsonak epaitzeko. Pasteur Bizimungu presidenteak, delituaren arabera, hainbat taldetan banatu zituen presoak (genozidioaren buruak, gorrotoa zabaltzeaz arduratu zirenak, aginduak bete zituztenak...) eta modu desberdinean epaitzeko agindu zuen, atxilotuen artean umeak zeudelako.

1 comentario:

  1. http://www.argia.com/albistea/ruandako-genozidioan-frantziak-izandako-ustezko-laguntza-salatu-dute
    Salaketa gogorrak egin ditu Kagamek azkeneko bi asteetan Frantzia eta Belgikaren aurka. 20 urteren buruan Frantziak onartutako gauza bakarra “ez zuela nahikoa egin genozidioa saihesteko” dela adierazi du Ruandako presidenteak: “Oinarrizkoena ezkutatzen saiatzen dira, Frantziak eta Belgikak genozidioaren antolaketa politikoan paper zuzena eduki zutela eta sarraskian parte hartu zutela”.

    Ruandako indar armatuak armez hornitzea leporatu diete Frantziari, munduko hainbat hedabidek argitaratu dutenez. Frantziak genozidioa planifikatu eta bertan parte hartu zuten susmagarri ugari babestu eta ezkutatu zituela salatu dute. Garai hartan Ruandako Hutu muturreko erregimenarekin aliatuta zegoen Paris eta gaur egun genozidioan izandako paperak eztabaidagarria izaten jarraitzen du.

    ResponderEliminar