2018/05/22

Artearen historia: Erroma


Erromako artea etruriar eta greziar tradizioaren ondorengo izan zen. Estatu zentralista eta bakar gisa antolatuta, artegintza estatu-boterearen isla izan zen erromatar kultura zabaldu zen leku guztietan. Herri militarista eta pragmatikoa izanik, antolakuntzari eta eraginkortasunari gehiago begiratu zion teorizatzeari baino.
Errepublikaren Garaian (K.a. 509-29) Erromaren ibilbidea markatuta geratu zen: Lazioko hiri txiki bat besterik ez zenak, Mediterraneo osoko lurraldeak kontrolatzen bukatu zuen. Errepublika garaian, oso nabaria izan zen iparraldetik jaso zuen etruriar artearen eragina; zertxobait geroago, hegoaldetik jaso zuen greziarrena. Erromatar artea hezten ari zen garai hartan, esan daiteke ia mimetikoki kopiatu zutela aipaturiko bi kulturetatik.

Inperioaren Garaian (K.a. 29-K.o. 476) Erromak berrantolaketa sakona izan zuen. Garai hartako gobernariek Erromaren handitasuna eta boterea adierazteko premia sentitu zuten; helburu horri erantzuteko, eraikin kolosalak, baina, era berean, erabilgarriak jasotzeari ekin zioten, era horretan, artegintza, nolabait, boterearen propaganda-tresna bihurtzeraino.
Hedatze- eta kolonizatze-prozesuan ekialdeko zibilizazioak ezagutzeko aukera izan zuten, eta haiengandik ikasi zituzten eraikitze-sistema berriak (batez ere, sistema gangatua) behin eta berriz erabili zituzten; antzera gertatu zen eraikitze-materialekin: mortairuak eta adreiluak eraikitzelanak erraztu, merkatu, arindu… egiten zituzten, eta gainera, eraikitze-proiektu ausartak eta berritzaileak egiteko aukerak eman.
Aipaturiko baliabideetan oinarrituta, arkitektura erromatarrak barne-espazio handiak jasotzeari ekin zion; izan ere, espazio horietan egiten ziren giza harreman gehienak. Hori dela eta, esan ohi da, greziar arkitekturaren eta erromatar arkitekturaren artean badela oinarrizko desberdintasun bat: greziar arkitekturak, maila handi batean, estetikari begiratzen zion; erromatarrak, berriz, erabilgarritasunari.
Eskulturagintzak bide propioak jorratzeko aukera izan zuen. Etruriar tradizioan oinarritutako arbasoen kultuak erretratugintzarako zaletasuna bultzatu zuen; nahiz eta Inperioko une konkretu gutxi batzuetan idealizatze-joera izan, erretratuek fideltasun handiz erantzuten zieten irudikatutakoen ezaugarri fisikoei. Erliebe historikoak aipamen berezia merezi du: estatuaren propaganda-tresna bihurtuta, kanpaina militarrak gogoratzeko eta betiereko bihurtzeko erabili zuten hainbat eraikin publiko eta egokitutako hainbat monumentutan (zutabeak, arkuak…).
Ezin da ahaztu erromatar eskulturak transmisore gisa funtzio garrantzitsua bete zuela, zeren, erromatarrek kopiarazi zituzten greziar eskulturarik izan ez bagenu, ezer gutxi jakingo baikenuen greziar eskulturaz.
Inperioa bukatzear zegoela (K.o. IV.a-V.a), artegintzak gainbehera-prozesua izan zuen. Inperioa krisialdi sakonean murgilduta zegoen, eta argi erakusten zuen ez zuela gaitasunik eraikitako antolakuntza erraldoia behar zen moduan gobernatzeko. Une batzuetan, eraikin monumentalak egin baziren ere, haien atzean, erortzeko zorian zen zibilizazioa zegoen. Era berean, garai hartako eskulturagintza beste bide batzuk jorratzen hasi zen: errealitatetik ihes egin, eta sinbolismoan eta kontzeptualismoan murgildu zen. Kristautasunak, horietan guztietan, ongi ongarriztatuko lurra aurkitu zuen bere ideiak eta gaiak jorratzeko; arkitekturaren alorrean, berriz, erromatar basilikan aurkitu zuen elizak eraikitzeko eredurik egokiena.


                       ARKITEKTURA




KOLISEOA


Flavio Anfiteatroa: Koliseoa

Flavio Anfiteatroa, Koliseoz izenarekin ezagutuagoa, k.o. 70-82 urte bitartetan Erroman egin zen antzokia da. Estatilio Tauro arkitektoak eraiki zuen “Marteren” zelaian. Gaur egun, munduko obra arkitektoniko garrantzitsuenetarikoa dugu Koliseoa. 


Flavio Anfiteatroak, elipsoide formako oinplanoa dauka, ardatz luzeak 187 metrokoa delarik. 50.000 ikusle sartzen ziren, 4 solairutan banatuta. Lehenengo solairuan (podiumean) enperadorea eta goi-kargu ofizialak egoten ziren. Bigarrenean, hiritar aberatsak, hirugarren solairuan, berriz, herri xehea. Laugarren solairuan zurezko harmailetan, emakume txiroak zeuden. Ikusleentzako bomitorioak jarri ziren, eta horiei esker sarrera-irteerak bost minututan egin ahal zirela kalkulatu zuten.
Eraikina, adreiluen artean jasotako mortairuzko horma sendoetan sostengatzen da. Horma horiek eusteko harri lodiak erabili zituzten. Elementu arkitektonikoei dagokionez, ugariak ziren arkuak eta gangak. Izan ere, barruko pasilloak kanoi-gangaz estali zituzten.

Anfiteatroa kanpotik, estilo desberdinekoa da. Lehenengo solairuak doriar ordenakoa da (Erromatarrek aldaketa batzuk egin zizkioten). Taulamendu baten ostean, bigarren solairua joniar estilokoa da, hirugarrena orden korintiarrari jarraituz egin zen. Laugarren solairua desberdina da, horma trinko batek betetzen du espazio hori.

Koliseoak, erromatar arkitekturaren gorengo unea adierazten du. Eraikuntza-materialak, diseinua, tresneria, eta antolakuntza eta kudeaketa arloak horrela adierazten dute. Elementu horiek eraikina praktikoa, ederra eta harmoniatsua bilakatzen dute.

Anfiteatroa bi antzokien fusioaren ondorioa da. Bertan, borrokak, ikuskizunak batailak eta itsas batailak egiten zituzten. Azken hauek egiteko, hondarra urez betetzen zuten. Ikuskizun hauek dohain eskaintzen zituzten. Modu honetan, agintariak plebea kontrolatzen zuten.

Gaur egun, Koliseoa, Erromako atrakzio turistikorik handiena da. Bertan dago Eros greziar jainkoari eskainitako museo bat.. Harearen lurraren zati bat, berreraikia izan da.



Maison Carrée (Erromatar tenplua, K.a. 5-K.o. 5)

Erromatar tenpluak etruriar eta greziar tenpluen eragin nabarmenak erakusten ditu. Hala ere, hasieran, erromatarren artean ez zegoen ez tenplurik, ez jainkorik, ez eta bestelako irudirik ere beren sinesmenei gurtza egiteko. Horrela bada, tenplua ez zen kultuak ospatzeko harrizko leku fisiko konkretu bat. Gehiago zen fenomeno naturalen behatokia, zeinak gertakizunak aurreikusteko balio baitzuen.


Iruzkingai duguna Nimesen (Nemausus erromatarra) eraiki zuten. Hiria Augusto enperadoreak fundatu zuen. Bertatik, Hispania eta Erroma elkartzen zituen galtzada (Via Domitia) igarotzen zen. Marko Agripa-ren aginduz (Augustoren suhia) eraiki zen tenplua fundazio-datatik gutxira, eta Augustok semetzat hartu zituen bi ilobei, Gaio-ri eta Luzio-ri, eskaini (Gaio eta Luzio Agriparen eta Liviaren semeak ziren eta tenplua bukatu baino lehenago hil ziren; Livia, berriz, Augustoren alaba).
Hiriko administrazio- eta ekonomia-gune garrantzitsuenean, hau da, foroan, beste eraikinetatik nabarmenduz eraiki zuten, nahiko epe laburrean (K.a. 5-K.o. 5). Tenpluak proportzio harmoniatsuak (26 m luzeran, 13 m zabaleran eta 17 m altueran) ditu eta greziar eragin nabarmena. Erromako Apolo Tenplua izan zuen inspirazio iturri. Tenplua hexastilo eta pseudoperiptero da. Hamar zutabe korintiar altu eta dotoreak erakusten ditu atarian edo pronaosean, eta hogei erdi-zutabe cellaren hormei itsatsiak. Haien fusteek dituzten ildaska eta ertz bertikalek, berez, mardul eta astun samarra izango zen eraikinari arintasuna eta liraintasuna ematen dizkiote. Zutabeen gainean datorren taulamenduak korintiar ordenaren eragin nabarmena du, hiru bandetan (fasciae) banaturiko arkitrabearekin eta friso jarraitu eta apainduarekin (akanto landarearen hostotza). Gutxi irteten den erlaitz apainduak (geison) babesten du, lehenago, aipaturiko guztia. Bi isurialdedun teilatuak estaltzen du tenplua; erromatarren garaiko teilek, batzuk lauak (tegulae) eta beste batzuk kanal itxurakoak (inbrices), era ezin egokiagoan babesten dute eraikina.
Greziar tenpluek ez bezala, Maison Carréek dekorazio urria erakusten du; Augustoren eta Erromako numina delakoen kultuak (numen singularrean; jatorri oso zaharreko jainko ikusezinak, gizakien bizitzan parte hartzen zutenak) ospatzeko egin zuten tenpluak ez zuen, greziar tenpluek bezala, jainko antropomorfoen beharrik.


                                                     ESKULTURA




Marko Aurelioren zaldizko estatua (Inperio garaia; K.o. 176a)
Marko Aurelioren zaldizko estatua da erromatar garaiko brontzezko estatuetatik iritsi zaigun bakarra, Konstantino lehen enperadore kristauarena zela uste zutelako. Identifikazio oker horrek salbatu zuen, Goi Erdi Arotik hasi eta mendeetan zehar luzatu zen eromen suntsitzaile hartatik.Brontzezko eskultura egiteko argizari urtuaren teknikaz baliatu ziren. Ondoren urreztatu egin zen.

Marko Aurelio armadaburu gisa ageri zaigu; etsaiak garaitu eta gero, gerratik datorren bakearen sortzaile eta bermatzaile moduan irudikatu zuten. Zaldi gainean, eskuineko besoa altxatzen du, legioen eta beraren itzulera txalotzera etorri den jende multzoa agurtzeko. Ezkerrarekin, bitartean, zaldiaren bridei eusten die. Garai hartan estriborik ez zenez, oinak zintzilik daramatza; hala ere, gorputz-enborra oso tente darama, behartuegi, agian. Aurpegiari ontasuna, lasaitasuna dario. Hondoratutako begi sakon horiek eta ilearen eta bizarraren trataerak,kiribildura sakonez beteta, argi-itzalen jokoak sortzen ditu. Estatua hau ere, azken finean, Antoniotarren garaian arteak izan zuen barrokizatze-prozesuaren isla da.
Zaldiak aurreko eskuineko hanka jasotzen du urrats patxadatsua markatuz. Biak, zaldia zein zalduna, contrappostoaren arauari jarraituz moldatu ziren. Bien arteko lotura zintzotasunez egin zen, eta ez Errenazimentuan egingo zuten bezala; alegia, zaldia era ikusgarrian aurkeztu, behetik hain handi eta indartsu ikusteak izugarrizko lilura sortzen zuelako, nahiz eta horrela zalduna bigarren mailan geratu. Iruzkingai daukagun honetan alderantziz gertatzen da: enperadorearen hankek zaldiaren sabelaren neurria gainditzen dute, zaldiaren eta zaldunaren bolumenen arteko oreka lortuz. Aldi berean, bien arteko protagonismoari dagokion norgehiagoka berdintzen da. Hainbat ikuspuntutatik ikusteko egina, ikuslea alde batetik bestera ibiltzera behartzen du, eskulturak igortzen duen informazio guztia jaso nahi bada. Erromatar artegintzan gehienetan suertatu ohi denez, egileari buruz ezertxo ere ez dakigu, garai haietako artista langile soila zen-eta.
Bukatzeko, esan behar da aurkezten zaigun Marko Aurelio benetakoa dela. Ez du koroatutako handiki baten aurpegi harroa, ez eta militar boteretsu baten itxura ere. Aurkezten zaiguna bera zen bezalakoa da: gerratik nekatuta etorri zen ilusiorik gabeko filosofo estoikoa.
Errenazimentutik aurrera, erretratatzeko era hau inspirazio-iturri, edo besterik gabe,
kopiagai bilakatu zen. Harrezkero, makina bat plaza apaindu da Marko Aurelioren zaldizko estatua gaitzat harturik.
Ara pacis Augustae (Inperio garaia; K.a. 13-9)
Augustok, «Erromaren fundatzaile» berri gisa, politikagintzari eta ideologiari buruz zituen ideiak idatzirik utzi zituen hainbat monumentutako marmoletan, bereziki Ara Pacis delakoan.
Ara Pacisa teilaturik gabeko tenplu txiki batean gorderik dagoen aldarea da. Eraikin horrek oinplano ia karratua du (11, 65 m x 10,60 m), eta 4,5 m inguruko altuera. Barneko gelan sakrifizioetarako aldarea dago plataforma txiki baten gainean, eta bertara iristeko, eskalinata bat dago, zola gainetik zertxobait gorago: handik igotzen zen apaiza sakrifizioak egitera. Eraikinaren beste aldean, bada beste irekidura bat leiho gisa erabiltzen zena: handik pasatzen zituzten sakrifikatu beharreko animaliak.
Eraikinaren barruan zein kanpoan, aberastasun handiko dekorazio eskultorikoa egin zen,
Carrara-ko marmola zizelkatuta.
Tenplutxoaren barneko dekorazioak ez du kanpoaldekoak adina garrantzirik; bi frisotan banatuta, goikoa da nabarmentzekoa. Bertan, bukraneoetatik zintzilik (idien garezurra), erramu-ostoz, arrosaz eta frutaz osatutako girlandak dira apainketaren gai nagusia (Errepublika garaian ohiko elementu dekoratzailea). Beheko frisoaren dekorazioa soilagoa da: zurezko ohol bertikalez eginiko pareta gogorarazten du. Barruan dagoen aldarea ere erabat dekoratu zen, nahiz eta gaur egun, apaingarri asko galduta egon.

Gai alegoriko eta mitologikoak lau paneletan ageri dira. Horietatik bi sarrerako hormaren goialdean, alde batean zein bestean, daude; eta beste biak, leihoa dagoen aldean, aurrekoen parean. Lau panel horietatik, bi egoera onean kontserbatu dira. Batean Eneas dugu, Penates jainkoei zerri-emea sakrifikatzeko prest. Besteak Lurra (Tellus) irudikatzen du. Lurra emakume eder eta gazte ageri zaigu, altzoan bi haur daramatzala. Emakumearen azpian idia, aharia, frutak eta galburu-sorta ikus daitezke. Aldamenean, eskuinean zein ezkerrean, bi pertsonaia erdi-biluzik ageri dira: bata, itsas munstroaren gainean, eta bestea, zisnearen bizkarrean. Erdiko pertsonaiaren inguruan hainbat iritzi azaldu dira, zein izan zitekeen jakiteko: Lurra (Tellus), Venus, Ceres, Augustoren bakea, Italia…. Alboetan dituen pertsonaien inguruan ere antzekoa gertatzen da: batzuek diote gure eskuinekoak ura irudikatzen duela, eta ezkerrekoak airea, itsas haizea edo lurreko haizea; beste batzuek Ninfak edo ugalkortasunaren jeinuak direla.
Irudikatu zena edozein izanda ere, Augustoren aginteak ekarri zuen oparotasunaren alegoria da: amatasuna, naturaren emankortasuna eta garai berriaren oparotasuna goratu nahi izan dira eszena horren bidez.
Gai historikoa eraikinaren alboetako hormetan, goiko frisoetan dago. Bertan, prozesio baten gisako eszena ageri zaigu, non Augusto, haren familia, magistratuak, senadoreak, eta abar ageri baitira. Irudikatu den pertsonaia bakoitza erretratu bat da; esaterako, Augustoren familiakoak hierarkia-ordena zehatzari jarraituz irudikatu ziren, bata bestearen ondoren, eta guztiak dira identifikagarriak. Garai hartako jendeak Ara Pacisean irudikatu zirenak ikustean ,ez zuen zalantza handirik izango bertoko pertsonaiak identifikatzeko. Augustori berari ere erraz antzematen zaio. Kokaturik dagoen lekuagatik, jantziengatik, aurpegia erretratu bat delako…erraz identifikatzen da, nahiz eta irudiaren zati handi bat galdurik egon (hegoaldeko frisoan dago, apaizen artean).
Beheko frisoak apaintzeko, landarez baliatu ziren: akanto-hostoak dira ugarienak, baina bestelako landareak ere badaude (huntza, erramua, mahatsondoa, loto-loreak…). Eta han-hemenka animalia txikiak (intsektuak, sugeak, igelak…). Dena oso era ordenatuan azaltzen zaigu, multzoari dotorezia aparta erantsiz (konposizioaren ardatzarekiko alde biak simetrikoak dira). Eraikinaren dekorazioa aztertuz gero, batez ere erliebe historikoek osatzen dutena, akatsik gabeko artelantzat har dezakegu aztergai duguna. Nabarmentzeko modukoa da prozesioko parte-hartzaileek ageri duten kalitatea. Erliebe-teknika (hasi behe-erliebetik, hondoan dauden irudiak adierazteko, eta goi-erlieberaino –buru batzuk irtetear daudela dirudi–) maisuki erabili zuten bolumenak adierazteko. Perspektiba-jokoa ere zuzena da, eta saihestu egin ziren hiru dimentsiotan adierazteko era okerrak; esaterako zaldun-perspektiba. Kanon klasikoa maisuki erabili zuten anatomia lantzean, eta beste horrenbesteko trebezia du jantzien adierazpenak. Eta, erromatar artearekin gehienetan gertatu ohi den bezala, artistaren izenik ez dugu ezagutzen.
Ara Pacis eraikina funtsezkoa da Augustoren garaiko arte publikoa eta ideologia ezagutzeko. Bertan, hainbat eragin estilistiko aurki daitezke, eta horregatik, esan ohi da artelan eklektikoa dela: bertako prozesioak Greziako arte klasikoan du inspirazio-iturri (Partenoiko Panatenea jaietako frisoa); beste panelek, Eneasen gertakaria, esaterako, arte helenistikoaren eragina dute;eta bukatzeko, aldarearen dekorazioak erromatar jatorrizko artegintza gogorarazten du.
Bukatzeko, ez dugu ahaztu behar Ara Pacisa Augustoren propagandaren tresna bat dela. Eraikinak Augusto, haren familia eta bakea batzen ditu, era guztiz sinbolikoz. Aditzera eman nahi duena zera da: Gens Iuliaren historia Erromaren beraren historia dela, eta jainkoekin eta munduarekin ados dagoen garapenaren eta edertasunaren garaia hastear dagoela Erromako hiritarrentzat. Erliebe historikoetan ageri zaigun mezu hori erromatar biztanle gehienek ulertzeko modukoa zen. Baina, badira bestelako mezuak landare-dekorazio ugariaren barnean gorderik daudenak. Mezu horiek kulturan eta poesian jantzirik eta enigmak askatzeko zaletasuna zuen aristokraziarentzat eginak zeuden.

No hay comentarios:

Publicar un comentario