2018/05/09

XX.mendeko arkitektura

ARKITEKTURA ARRAZIONALISTA: LE CORBUSIER
1920-1930 bitartean mugimendu arkitektoniko moderno bat sortzen da, Lehen Mundu Gerraren ondoko berreskurapen ekonomikoaren eta 29ko Krakaren artean kokatuta: arkitektura arrazionalista edo funtzionala izena du eta munduko arkitekturarik inportanteenetariko batek bideratzen du: Le Corbusier.

Arrazionalismoaren ezaugarriak ziren forma soilak, oinarrizko bolumenetara itzultzea eta eraikuntzaren funtzioa balio dekoratibo guztien aurretik. Gizarte industrialaren arrazonamendua defendatzen zuen, non dena funtzioari egokitu behar zitzaion.
Giro hartan zabaldu zen material berrien erabilera, burdinazko egitura eta hormigoi armatuarena bereiziki (industria-eraikinetan baino ez ziren material haiek ordura arte erabili, baina jakin zuten ordutik aurrera erabiltzen), eta guztiz nagusitu zen era berean beiraren erabilera fatxadetan. Modernismoaren dekoratibismo gehiegizkoa baztertzen du eta aireztapen sistemak erabiliko dituzte, kalefakzioa, eraikinen hosgabetzea eta argitasuna.
Hauen ustez, urbanismoaren arazoak etxebizitzen bloke handiekin konponduko dira, non familiak ehunaka biziko diren, aisialditarako esparruekin inguruan: museoak, igerilekuak, merkatuak, eskolak, lorategiak…


Arkitektura berri honen profeta LE CORBUSIER dugu ( Charles-Ëdouard Jeanneret: 1887-1965),arkitekturaren teorikoa. 1923an “Vers une Architecture” argitaratu zuen, bertan bere ideiak biltzen dira. Mundu osoan zehar azalduko ditu bere teoriak eta lan ugari egingo ditu haiek azaltzeko.

1929an Ville Saboye[i] eraikuntzan bere “bost puntu arkitektura berri batentzat” laburtzen ditu:
1.- Piloteak: etxebizitza lurzoruan ez hondatzeko eta pilote hauen gainean eraikitzeko, horrela lorategia etxebizitzaren azpian geratzen da edo kotxeak aparkatzeko lekuak.

2.- Lorategi-estalkia (terraza jardín), horrela bermatzen da isolamendu termikoa hormigoiaren gainean eta aisialdirako esparru bihurtzen da etxebizitza.

3.- Oin askea (planta libre), hormigoiaren ezaugarriak aprobetxatuz, horrela murruak ez dira beharrezkoak eta oinari egitura baldintzatik askatzen zaio, etxebizitzaren funtzionaltasuna hobetuz.

4.- Leiho jarraikia, horizontalean garatua eta kanpoarekiko harremanak hobetuz.

5.- Fatxada libre, pilareak fatxadaren atzean kokatzen dira, eta horrela fatxadak bere egitura funtzioa galtzen du.

Era berean “modulor” kontzeptua asmatu zuen, giza proportzioetan oinarrituta, horrela berriro berreskuratzen du antzinako ideala ezartzeko erlazioa eraikinen proportzioen eta gizakien proportzioen artean: garai hartako gizon frantsesaren neurriak hartu zituen: 1’75 metro.
Transatlantikoen estetikan inspiratu zen Le Corbusier etxe honi ekin zioenean. Etxea “bizitzeko makinatzat” hartzen zuen. Eraikinaren egitura hormigoizkoa da eta behe perimetroan, barruan zerbitzuaren gelak, eskaratza, sarrerako eskailera eta garajea dauzkan erdigunearen inguruan, ageri diren piloteen gainean bermatzen eta goratzen da. Biziguneak okupatzen du lehen solairua eta patio zabal batek irekitzen da barrutik haren erdian. Leiho jarraiki horizontal oso zabal batek kurritzen du lehen solairuko perimetroa, etxearen irudia arinduz eta bizigunearen barnealdea argi naturalez oparo hornituz, inguruko paisaiarekin harremanetan jartzen duen bitartean. Solarium bat ageri da goiko terrazan, horma kurbatuen artean babesturik.
Behe oineko piloteak eta lehen solairuko leiho horizontalak eraikinari eskaintzen dioten irudiari guztiz itxura klasikoa dario, berritasun formal guztiengatik ere, hain dira orekatuak eta harmoniatsuak haren konposizioa eta etxea arin egokitu den soroarekiko lotura.
Bigarren Mundu Gerra eta gero, 1945ean, Marsellan, Unité d’Habitation[ii] eraikinean bere ametsa errealitate bihurtzen da.Eraikin erraldoi bat egiten du, errektangulu prisma erraldoia, lurzorutik banatuta eta hormigoizko piloteen gainean sostengaturik. Hormigoia agerian geratzen da eta era berean egurrezko enkofratua. Etxebizitza-eraikin kontzeptu berri bat plazaratu nahi zuen Le Corbusierrek. Hamahiru solairu ditu eta 135 metroko luzeran goratzen da. Taxu eta neurri bereko beste bloke batzuk eraikitzea hartu zuen aintzat hasieran, komunitate haietako biztanleen premia guztiak haien bitartez asetzeko. Halatan, halako trantsitu-kale komertziala bideratu zen zazpigarren solairuan, hartan dendak eta, areago, hotel bat egokitzeko (porrota izan zen, ordea, ideia hura, dendetako bezeroak eraikineko biztanleak baizik ez zirelako, eta merkantzien garraioa oso zaila eta aldrebesa zelako). Hiru solairuan behin alderik alde luzaturiko trantsitu batek ziurtatzen zuen etxebizitzaren sarrera. Duplexak ziren etxebizitzak guztiak eta neurri guztietakoak gainera, bikoteen premiei bezala familia ugarienei ere egoki erantzun ahal izateko. Neurri eta proportzioetan “modulor” delakoa bideratzen zen etxebizitzetan. Halako patroi edo kanon modukoa zen “modulor” hori. Le Corbusierrek asmatuta. Haurtzaindegia, haurrentzako igerileku bat, gimnasio bat eta hormigoi gordinean landuriko tximiniak zeuden terrazan. “Brutalismo” deitu zitzaion lanak bukatutakoan hormigoia gordinik (brut = gordin) ageri zuen arkitektura-joerari.
Hormigoiari esker eta eskultura bat izango balitz bezala lan eginez, 1950ean Nôtre-Dame de Ronchamp-eko eliza[iii] egiten du. Estalkiak itsasontzi baten gila forma (quilla) dauka. Kolore zuria nagusitzen da eta barrualdean kolore beirateen bidez argitzen da. 1950-1955 bitartean egin zuen. Le Corbusierren lehen erlijio eraikina izan zen kapera hau. Beira leihoek zulatzen dituzte hormigoizko hormak eta animalia bimaskordun baten itxura dakarkigu gogora estalki handi erraldoiak. Eskultura irudia da inolaz ere arkitektura multzo honek eskaintzen diguna.

WALTER GROPIUS ETA BAUHAUS

Walter Gropius (1883-1969), Bauhaus diseinu eskolaren sortzailea izan zen. Bertan material berriak erabiltzen irakasten zen eta, era berean, mota guztietako altzariak eta objektuak egiten ziren helburu batekin: funtzionaltasuna. Hasieratik Bauhausen printzipioren bat hauxe izan zen: “Forma funtzioaren menpe dago”. Helburua zen artea eta diseinu industriala elkartzea. Gropius-ek esaten zuen bezala, aurreko mendeetan arte guztiak arkitekturaren menpe zeuden eta haien helburua eraikina edertzea zen, baina gaur egun arte guztiak isolaturik daude, horrexegatik arkitektuek, margolariek eta eskultoreek berriro ulertu behar dute eraikina batasun bezala eta elkarlanean aritu behar izango dute.
Gropiusek egindako eraikinek Bauhausen estiloa islatzen dute: material berriekin eginda, fatxada lauak eta lerro argiak eta beharrezkoak ez diren elementu apaingarriak baztertzen ditu.
Bauhaus Eskola Weimar hirian zegoen eta 1933an naziek itxi zuten. Bauhaus-ek, alemanez, “Eraikuntzaren etxea “ esan nahi du (Bau=eraikuntza; Haus= etxea). Bauhaus Eskolak gaur egungo diseinu industriala eta grafikoaren oinarriak ezarri zituen.
Gropius-ek beti talde-lana defendatu zuen eta elkarkidetza eta bere proiektuak kolaboratzaile ugariekin egingo ditu.
Fagus lantegia[iv] 1911an egin zen. Arkitektura berri honen lehen lana dugu. Gropiusek esanda, lantegia ere estetika berriaren parte bat da eta, handitasuna baztertuz, razionala dena eta soziala dena indartzen du: langileari duintasuna eman behar diogu eta lantegiaren barruan argitasuna, garbitasuna eta airea topatu behar dugu. Beirazko gainazalak nabarmentzen dira eta eraikina bulegoetarako eta lantegirako pentsatuta dago.

Bauhausen egoitza[v] Dessau-n Europako arkitekturaren funtzionalaren eredua da. “L” bikoitzako oinplanoa du, gurutzatzen direnak. Dekorazioa baztertzen da, beirazko gainazal zabalekin eta hormigoizko egiturekin. Eskola, ikasle-egoitza, lantegia... bada, funtzionaltasuna defendatzaileen eta arrazionalisten ideien adierazlea.

FRANK LLOYD WRIGHT(1867-1959) ETA ARKITEKTURA ORGANIKOA EDO ORGANIZISTA


30. urteetan, arkitektura arrazionalistarekin batera, kontzeptu berri bat sortu zen, Le Corbusierren utopia urbanistikoetatik urruntzen zena. Mugimendu hau Wright-ekin batera sortzen da. Zentzu batean Chicagoko Eskolari jarraitzen dio, baina orain bezero pribatuen eskakizunei erantzuten diete, hau da familia etxebizitzak eraikiko dituzte.

Organizismoak aurreko guztia kritikatzen du eta esaten du urbanismo arazoak sortzen direla hain handiak diren blokeak eraikitzeagatik: trafiko arazoak, estresa, erosotasun falta…

Hiriak gizatartu behar dira eta ez dira hazi behar altueran, zabaleran baizik, solairu gutxirekin. Etxe-orratzak “arratoientzako tranpak” dira. Eraikinak ez dira izan behar hormigoizko eskeleto bat, baizik eta naturatik (handik izena: organizismoa) eredu hartuta, mugikorrak eta aldagarriak izan beharko dira, Natura bezalakoa.

Wrightek Chicagoko aberatsentzako landetxeak egiten ditu, Chicagoko aldirietan, Robie etxea[vi], adibidez, 1908an eginda.
Eraikitzeko orduan askatasuna bezeroari guztiz lotura dagoelako organikoa deitzen da. Bezero bakoitza nahi duen etxebizitzan bizi daiteke, bere nortasunari lotuta eta arkitektuak bezeroaren nortasuna interpretatzea baino ez du egiten eta nortasun hori eraikuntza bihurtzen da.

Ez dago dekoratzailerik, arkitektuak berak den-dena diseinatzen du, altzariak barne. Honetan arrazionalismoari aurre egiten dio. Arrazionalismoan arkitektura bezeroaren gainean dago eta indibiduoa taldearen azpian. Arkitektura organikoa gizakiarentzat pentsatuta dago, arrazionalismoak erlauntza-blokea sortu baino lehen. Gainera arkitektura organikoa bai segregazionista dela eta giza-diskriminatzailea.

Wrighten lanik ezagunena Kauffman etxea edo Urjauziko etxea[vii] da.

XX. mendeko etxe berezienetako bat da hau, dagoen lekuagatik, ingurunearekiko bideratzen dituen harremanengatik eta ageri duen itxura bikainagatik. Urjauzi baten gainean eginda, Pensilvanian, 1935-1939 bitartean. Irekiak eta eman handikoak dira etxeko espazioak, euren artean ez ezik kanpoko izadiarekiko loturan ere, oso harreman zuzena eta intimoa zehazten baitu harekin. Oso garrantzitsua zen hura Wrighten iritziz eta leiho luze zabalak kurriarazi zituen fatxadan, baita balkoi handiak etxeko gune eta gela guztietara irekiarazi ere. Hormigoizko hiru plataformatan mailakaturiko terrazak eta balkoiak ageri dira etxearen egituraren oinarrian. Harriz landu ziren elementu bertikalak, eta haien erliebeari esker hobekiago txertatzen da etxearen irudia paisaian. Behe oinean zabaltzen dira elkarbizitzarako gune edo espazio komunak (jangela, egongela...) eta logelak ageri dira goikoetan, zeinek bere terraza duela.

Bere bizitzaren amaieran New Yorkeko Guggenheim museoa[viii] egin zuen.

Guggenheim magnatearen arte moderno bilduma hartuko zuen museo bat eraikitzeko mandatua jaso zuen Wrightek 40. urteetan. Kono-enbor itxurako formak bideratua zen ordurako Wright, gauzatu ez ziren proiektu batzuetan, baina azpikoz gora bideratu zuen kasu honetan kono-enborra. Oraingo honetan, arrapala (rampa) bat gorarazi zuen kiribilean erdiko gune handi baten inguruan, konoaren ardatzean gora betiere. Kiribilaren azaleko horman eta haren perperdikularrean bideraturiko trenkada mugikorretan ipintzen dira koadroak. Bisita egiteko, igogailu batek igotzen du bisitaria goraino, arrapalan behera jaits dadin ondoren.


2018/05/08

oteiza eta chillida



EUSKAL ARTEA
XX.MENDEAREN BIGARREN ERDIALDEAN

Francoren politika artistikoaren inposaketaz, abangoardia artistikoak ez ziren 50.hamarkadararte Euskal Herrira helduko.

Eskulturaren hedatzea

Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, pinturan, hasierako isolamendu-urte batzuk pasa ondoren, joera berritzaileenakin harremanetan jartzea lortu bazen ere, eskulturan urte horietan fenomeno original bat eman zen: Eskulturako Euskal Eskola deiturikoa. Hau ez da ulertu behar ideario komuneko antolaketa bat bezala, bere maisu eta ikasleekin, eskultore-talde baten sentsibilitate berdintsu bat bezela baizik, diferentziak izan arren, ezaugarri komunak izan dituena:
-         hizkuntza abstraktuaren nagusitasuna
-         arte monumentala gogoko izatea
-         natura eta gizakiaren lotura estua
-         burdina, egurra eta harria bezelako materialak erabiltzea.
Baina eskultore-talde hau ere ez zen errealitate artistikotik kanpora egon, eta bere hizkuntza originalean abangoardiako (konstruktibismo, abstrakzio...) mugimendu desberdinen sintesia egin zuen, interpretazio pertsonala eskainiz.






Jorge Oteiza Enbil (Orio 1908ko urriaren 21 – Donostia, 2003ko apirilaren 9a) euskal eskultore eta arte-teorilaria zen, Euskal Herriko hainbat pentsalari, artista eta arkitektorengan eragin handia izan zuena.

Bizitza eta pentsaera

Oteiza 30eko hamarkadan hasi zen lanean lengoaia errealista baina esperimentatzailea erabiliz. Hego Amerikan egon ondoren, 1947an itzuli zen Euskal Herrira arte berria bultzatzeko helburuarekin. Asmo honi jarraituz, ekintza artistiko desberdinetan hartu zuen parte (Arantzazu, Gaur taldea, etab.). Arantzazukoaren ondoren, Oteizak bere hizkuntza abstrakzio aldera eraman zuen, formen kezkez baino hauen artean dagoen espazioaz gehiago arduratuz, esanahi izpiritual sakona duen hutsunearen estetika landuz.
Artearen helburua, angustia esistentziala sendatzea izan behar zen bere ustez. Horretarako eskultura intelektuala, eutsia, soila, nabarmenkeria merkerik gabea zela aproposena erabaki zuen. Modelo estetiko hau eredu bezala eta artearen bidez, “gizaki moderno berria” jaioko litzateke, naturaren erasoei aurre egingo liokeena. Natura menperatu ostean, arte zaharrak ez dauka jada funtziorik; gizakia eraldatu egingo da, eta bestelako ihardueretan integratu behar da; hizkuntzara, etikara, erlijio eta politikara.
Arte espiritualaren izaeraren gaineko garaipena, tradizio kultural euskaldunean oinarritu behar zen, euskal historiaurreko tradizio estetikoan hain zuzen ere.
Oteizaren “proposamen esperimentalean”, ideiek eskulturek objetu bezala baino askoz garrantzia handiagoa daukate. Bere aburuz, artelanaren atalik garrantzitsuena bere azalpena da. Honen aritik, artelana, pentsatzera bultzatuko gaituen objetua izango da.
“Proposamen esperimentala” deritzona, material xumeekin eraikitako maketa txiki eta entsaioek osatzen dute (tizak, alanbreak, zura, kartulinak, igeltsua, latorria); hauetako maketa gutxi batzuk soilik bihurtuko ziren aurkezteko moduko eskultura, teilatutako harrian edo eta burnizko xaflez osatuak (burnia beltzez margotzen zen, materialak ahalik eta neutroena eta adierazpenik gabea izan behar baitzuen). Hauekin Oteizan Sao Paoloko 1957ko IV.Bienalean hartu zuen parte; bere 29 lanek Eskulturaren sari nagusia irabazi zuten.
Artearen nazioarteko merkatuak eskaintza ezberdinak egin zizkion, baina Oteizak, bere ikerketa lanean jarraitzea erabaki zuen, ondorio esperimental historiko batera eramango zuela pentsatzen zuelarik. Ikerketa honen ondorioz sortutako Kutxa Metafisikoek (1959-1960) bere bidea amaitutzat eman zuten, eskultura alde batera utziz.
Ondoren, filosofia kulturala eta euskal politikaren berpizkundearen teoria lantzen ihardun zuen. Artearen inguruko “Escuela Vasca” zeritzona bultzatu nahi izan zuen, aurrera eramateko proiektu ugaritan parte hartuz, zeintzuk segituan bertan behera gelditu ziren.
Oteizak 1992an, bere obra guztia, Nafarroako Gobernu Foralari uztea erabakiko du, honela Alzuzan (Egues haranean) fundazio-museo bat eraikiz. Gaur egun beratara hurbil gaitezke bere ekarpenen berri izatera.





Eduardo Chillida 1.924.eko urtarrilaren 10ean jaio zen Donostian. Futbolera dedikatzeko asmoarekin, 18 urte zituela Real Sociedad futbol taldean atezain bezala hasi zen, baina belauneko lesio bat eta bost ebakuntza jasan ondoren futbola utzi behar izan zuen. Eduardo Chillida honela mintzatzen zen futbolari buruz: “ataria futbol zelaiaren hiru dimentsiotako gunea da, futbolaren fenomeno konplexuak gertatzen diren gunea. Geometriarekin zerikusia duten gauzak atarian gertatzen dira, atezainaren inguruan.”

1.943an Madrilera joan zen arkitektura ikasketak egitera, baina 1947an bertan behera utzi zituen, eskultura bere benetako pasioa zela konturatu zenean. Bere lehenengo eskultura lana 1948an egin zuen, igeltsua erabiliz. Ondoren, beste hainbat material erabili zituen bere lanak egiteko: burdina, granitoa, zura, hormigoia, terrakota, alabastroa edo altzairua.


1.954an Arantzazuko basilikaren ateak egin zituen burdina erabiliz. Urte berdinean bere lehenengo erakusketa egin zuen Madrilen, eta geroztik hainbat arrakasta lortu zituen bere bizitza eta iharduera artistikoan zehar. 1954. urtean, New Yorkeko Guggenheim Museoak artistak burdinez egindako Barrutik lana eskuratu zuen. 1.958an Veneciako Bienalean Nazioarteko Eskultura Sari Nagusia irabazi zuen.

2018/05/03

2018/05/02

2018/04/24