2025/05/27

ESTU, gure txakurra, joan zaigu.

 Estu, gure txakurra, joan zaigu.

Ixilik dago bere ohiko txokoa, 

bere begirada leiala itzali da 

Begiak itxi dituzu,

azken arnasa hartuta

haren pausu arinak ixildu dira gure etxe inguruan

agur esan diogu gure itzalpeko lagunari.




Estu, Urkuluko Bihotza

Dima herrian sortu zen, 2013ko urtarrilaren 13an. Argi egin zuen haren jaiotzak negu gordinenean. Handik Urkulura etorri zen, baserri zaharrenera, lurrak bizitza hartzen zuen tokira, uzta oparoenaren altzora. Garaian, ganbaran gordeta zeuden patatak, kipulak, berakatzak... neguko hornigaiak. Indabak, piperrak, tomateak... baserriko arnasa, lanaren taupada. Estu iritsi zen, bizitzaren katean txertatuta.







Urteak joan ahala, dena aldatu zen: baserria eta gure bizitza ere bai. Guk alde egin genuen, eta bera antzinako arbasoen zain geratu zen, Gabonak bakarrik igaroz. Koronabirusaren garaian, beraren zaindari eginez, mendietako ibilbideak oparitu zizkidan. Mundua geldirik egon zenean, berarekin paseoak ematen nituen basoetan zehar, natura bizirik nola jarraitzen zuen dastatuz. Haren bizitzako azken bi urteak Basaran igaro zituen, zaindari leial, zintzo, gure zerbitzuan, gure ondoan beti.


ESTU

 

Ilunabar kolorekoak zituen begiak

egia biluzia haren begirada.

Ez zegoen engainurik, ez amarrurik,

begi horietan haizearekin jolasten zuen adimen bizia zegoen,

belar artean dantzan dabilena.

begirada horretan zegoen leialtasuna 

sentikortasunaren iturri zen:

ez zen zaratatsua, ez zen ozenki aldarrikatua 

baina sakona zen, gordina, beti presente

Hurbiltzen zen, burua apur bat okertuta,

eta zuri begira gelditzen zen.

Une horretan, mundua isiltzen zen.

Ez zegoen presarik, ez zegoen zalantzarik.

Esturen begiak ematen zutena

isilpean pizten zen argi bat, 

barruraino sartzen zena,

bihotzean zirrara eragiten zuena.

bere begiek zerbait gordetzen zuten:

jakinduria zahar bat, ikasi gabeko ulermen bat



Estu  mugitzen zenean,

lurra ez zuen zapaltzen:

ukitzen zuen, laztantzen balitz bezala.

Bere ibilera dantza bat zen,

naturarekin bat zetorren erritmo bat,

ez irakatsia, ez ikasia, berezkoa.

 Ez zuen zaratarik egiten,

ezta harrokeririk.


Lasterka hasten zenean

haizearekin bat eginda bezala zihoan,

airean idatzita bezala.

Eta gelditzen zenean, bat-batean, dena pausatzen zen.

Ibilera ez zen soilik mugimendua. 

Barneko isiltasun batek gidatzen zuen arte bat zen. 

Eta arte horrek, ukitu gabe ere, ukitu egiten zaitu.

Ez zen hitzez adierazten zen leialtasuna

Esturen leialtasun itsua ez zen izan.

Ez da menpekotasunetik zetorrena.

Ulermen sakon batetik jaiotzen zen:

gure keinu bakoitza,

gure ahotsaren doinua,

gure isiltasuna bera ere, irakurtzen zekien.

Bere leialtasunak ez zuen  baldintzarik:

ez zuen sari bat behar,

ezta hitz gozorik ere.

Bere bihotzak bazekien non zegoen bere tokia,

eta tokia gu ginen.

Esturen leialtasuna ez zen lotura bat katez egina

hari fin baina sendo batek lotzen zaitugintuen berarekin:

konfiantzazko isiltasun batek.

Eta horretan, maitasunaren forma garbienetakoa dago.




Artzain txakur azkarra, 

begirada argia, adoretsua eta zintzoa. 

Muturra fina, beti erne, zaintzailea. 

Begiak adimentsu, 

arima islatzen dute, bihotz oneko txakurra. 

Belarriak tentetuak, edo eroriak, edo erdi-zutik, soinuen zain beti. 

Sudurra beltza, mundua usainduz, 

Gorputza dotore, pauso arin, bizkor 

Ile zuri eta beltza, distiratsua, 

Arima garbia.


Lagun ona, txakur leiala,  

zure begirada maitekorra gurean iltzatzen zen, ordu labur eta tristetan.

Gure lagun arrunta, 

zure jabeen tristurak partekatzailea,

lagundu zenuen jakin zenuen bide astuna igarotzen

jakin zenuen gu zure jainkoa santu bat bezala maitatzen;

zure garun misteriotsuaren sakontasunean

inozentzia eta xarmako paradisu batean bizi izan zara.





Orain atsedena hartu, 

ez izan beldurrik, 

minik gabe, 

bakean, joango zara. 

Zure orroa, zure isatsaren mugimendua, 

nire bihotzean geratuko dira betirako.

Agur, lagun maitea, ondo izan bidean, 

Eskerrik asko eman didazun guztiagatik.

Beti gogoratuko zaitut, nire bihotzean,



 Txakurra, lehen une batean, norbaiten ordezkari moduko bat da. Haren haragiztatze edo iraupen modukoa. Ondoren baina, zeozer norberarena bilakatzen hasten da, eta denborarekin, jakin gabe zergatik, lagunik hoberena izaten da. Txakurraren sena, arima, esentzia, nahi den bezala definitu, oso potentea da. Berak zer, nola, noraino ulertzen duen misterio bat da guretzat, berak asko daki gutaz, guk hartaz bezainbeste. Edo gehiago