2015/12/16

Sandro Boticelli. Udaberria




Irudia Udaberria da, Sandro Botticelli-rena; tenple-pintura da, neurri handiko
oholean margotua (2,03 x 3,14 m) 1480. urtearen inguruan. Italiako Quattrocentoko Errenazimentuko pinturan kokatzen da. Florentziako (Italia) Uffizi galerian dago.
Konposizioa eta gaia. Ikuspuntu formaletik, Botticellik formatu monumentalaren alde egin zuen, tamaina naturaleko irudiak eginez, baina xehetasunik txikienari ere arreta handia jarriz. Laranjondo ugariz inguratutako lorategi batean gertatzen da guztia, ia argirik sartzen ez dela, eta lurra belar ilunez estalia dago, landarekimu eta lore ugarirekin. Konposizioaren erdian, laranjondoen adarrez inguratuta, Venus ageri da, maitasunaren jainkoa, urrez brodatutako tunika zuri bat jantzita, lepoko perladun bat zintzilik eta apaindura ugariko kapa gorri batekin. Venus bigarren planoan dago, eta Hiru Graziak erakusten ditu eskuin eskuaz; haren seme Kupido, bestalde, konposizioaren goialdean dago, eta uztai tenkatuaz hiruretako bat destatzen ari da. Hiru Graziak (Kastitatea, Edertasuna, Maitasuna) tunika erdi gardenak jantzita ageri dira; antzinatean liberaltasunaren sinbolo ziren. Eskuak gurutzatuta dauzkate, eta zirkuluan ari dira dantza goxoan; haien aldamenean, ezkerrean, Merkurio dago (hegodun oinetakoei esker ezagutzen da) Venusen lorategia iluntzen duten hodeiak uxatzen. Konposizioaren eskuinaldean, lehen planoan, lore-koroa duen emakume polit bat dator, eta eskuineko eskuarekin tunika loratuaren tolesetan dakartzan arrosak banatzen ari da lorategian. Haren aurpegi polita begira daukagu irribarretsu. Haren aldamenean, hazpegi bereko eta ile horiko beste emakume gazte bat ageri da, ahotik loreak ateratzen zaizkiola, tunika garden batekin jantzia, gizonezko gazte hegodun batengandik ihes egin nahian. Gizonezkoa tonu urdinetan margotua dago, eta emakumeari putz egiten ari zaio, kopeta zimurtuta. Eskuineko hiru irudi horiek Kloris ninfaren bahiketari egiten diote erreferentzia. Ninfa lur antzuaren alegoria da, eta Zefiro haize onaren jainkoarengandik ihes egin nahi du. Zefirok haize leuna bidaliz, Flora jainkosa bihurtzen du ninfa.
Esanahia. Hau izango da, hain zuzen, obraren esanahiaren interpretazioetatik
sinesgarriena: Kloris ninfa Flora (udaberriaren sortzailea) bilakatzeko metamorfosia, Kupido itsuak elikatzen duen Zefiroren maitasunak eraginda. Irudi batzuen bilakatze horrek irudikatzen du maitasun sentsualaren kontenplazio intelektualerako sublimazioa, Venusen irudiak gogora ekartzen duena. Laburbilduz, literatura klasikoko gertakarietan eta elementu jainkotiarra eta gizatiarra lotzen dituen filosofia neoplatonikoan oinarritzen da historia.
Alderdi teknikoak. Erabilitako teknika ohol gaineko tenple-pintura da: arrautza edo kola moduko aglutinatzaile naturalekin loditutako uretan nahasten dira koloreak. Tradizionalki, gorringoa urarekin nahasten da. Nabarmentzekoak dira, batetik, lerroen koloreekiko nagusitasuna eta, bestetik, pertsonaiak eta hondoko lore-paisaia irudikatzeko Botticellik erabilitako marrazkien zehaztasuna.
Argia, kolorea eta mugimendua. Argi-kontraste nabarmena dago pertsonaia argiztatuen eta hondoko paisaia ilunaren artean. Lurreko loreek ere nahikoa kontraste egiten dute soropilaren kolore ilunarekin. Hondoko paisaiak erretaula gotikoak gogorarazten ditu. Dena den, eszena nagusiko pertsonaien mugimendu erritmikoak eta hondoko zuhaitz nahiz belarren arteko kontrasteak urrundu egiten dute pintura hau pintura gotikoetatik. Formalki, obra edertasun idealaren irudikapenaren adibide ona da. Horri laguntzen diote figuren liraintasunak, airean flotatzen daudela baitirudi, gorputzen nahiz tuniken dantza-mugimenduak eta hondoko paisaia idilikoak.

- Testuinguru historiko-artistikoa
1.- Sandro Botticelli (1445-1510). Italiako XV. mendeko bigarren zatiko pintura errenazentistaren maisu handietako bat izan zen. Quattocentoaren eta Cinquecentoaren arteko zubia den maisu handitzat jotzen da, hala irudikatzen dituen gaiengatik nola estiloarengatik. Florentzian lan egin zuen. Marrazkilari bikaina izan zen, eta estilo findua landu zuen, sentikortasun dotorez betea. Haren obra Masaccio-ren eta beraren jarraitzaileen naturaltasun zientifikoaren aurrezaurre dago, eta pintura gotikoaren zenbait elementu berreskuratzen ditu:
sentimendu eztia, dekorazio-oparotasuna eta marrazkiaren lerro zehatza. Haren formazio humanistikoa alegorietan ageri da —gai mitologiko edo klasikoen irudikapen sinbolikoetan—, hala nola Udaberria, Venusen jaiotza edo Palas eta Zentauroa obretan. Erretratu eta konposizio erlijioso ugari ere egin zituen.
2.- Quattrocentoko pintura italiarraren ezaugarriak. XV. mendeko pintore italiarrek, eragin gotikoko lehen fase baten ondoren non Fra Angelicoren obra nagusitzen baita, ikusizko adierazpenerako sistema berri bat garatu zuten: perspektiba. Masaccio da bigarren korronte horren buru. Gaiak askotarikoak dira. Gai erlijiosoak landu zituzten, batez ere elizetarako eta
kaperetarako; gai mitologikoak eta historikoak, non gertaera heroikoak baitira nagusi. Giza irudiak, biluzia nahiz jantzia, atsedenean zein mugimenduan, garrantzi handia zuen artista haientzat. Teknikei dagokienez, neurri handiko freskoez gainera, ohol gaineko tenplea eta olioa ere erabiltzen ziren. Elementu nagusiak marrazkia eta argia dira; biak konbinaturik, sakontasuna irudikatzea lortzen dute.